Horren txikia, horren handia. Nortasun sendoa du San Sebastian Region-ek. Gastronomia da, berriz, azalera txikian proposamen erakargarri ugari biltzen dituen lurraldearen aurkezpen-txartel nagusia.

Bost helmuga, eskualde bakarra

Azalerari dagokionez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko eta Espainiako lurralde historiko txikiena da San Sebastian Region. Bizkaiko Golkoan dago, ardatz atlantikoan; hurbileko mendietan sortzen diren sei ibai nagusik (Bidasoak, Oiartzunek, Urumeak, Oriak, Urolak eta Debak) egituratzen dute 2.000 kilometro koadroko lurraldea.

Donostia-San Sebastián da hiriburua, baita San Sebastian Region-era hurbiltzen den edonoren ezbairik gabeko hitzorduetako bat ere. Maria Kristina erreginak Kontxako badiarekin maitemindu eta udaldiko Gortea hirira ekarri zuenetik, bisitari asko harrapatu izan ditu itsasertzean mendi txikiak, hondartza atseginak, eraikin dotoreak eta oinez edo bizikletaz egin daitezkeen paseo luzeak bateratzen dituen giza-tamainako hiri eder eta orekatu honen xarmak. Alde Zaharreko animazioak, kultur jarduera ugariek eta Eduardo Chillidaren mailako sortzaileek utzi duten arrastoak behin eta berriz itzultzera gonbidatzen duen toki bilakatu dute Donostia-San Sebastián.

Hala eta guztiz ere, gipuzkoarren laurdena baino ez da hiriburuan bizi. Geroz eta gehiagoren ustez, probintzia baino hiri barreiatua da San Sebastian Region. Hala ere, berezko nortasuna dute lurraldeko eskualdeek; bisitariak, berriz, arrazoi franko San Sebastian Region-eko herri askotara hurbiltzeko. 86 kilometro luze da higadurak eragindako itsaslabarrak, hondartza garbiak eta tradizio handiko arrantza-portuak txandatzen dituen kostaldea. Zumaiako museoak, Getariako erretegiak, Zarauzko hondartza zabala edota Hondarribiko Erdi Aroko kaleak Gipuzkoa Kosta izenarekin ezagutzen dugun eskualdearen proposamen erakargarri gutxi batzuk baino ez dira.

K.a. 70.000tik K.a. 30.000ra

Erdi-Paleolitokoak dira San Sebastian Region-en gizakiaren aurreneko aztarnak. Lezetxiki (Arrasate), Altxerri (Aia) eta Ekain (Deba) Neanderthal gizakiaren bizitoki izan ziren. Labar-pintura ikusgarriak utzi zituen Ekainen.

K.a. 4.000tik K.a. 1.000ra

Neolitoan eta Brontze Aroan asko ugaldu zen populazioa, eta pentsatzekoa da ordurako euskaraz mintzatzen zirela. Garai haietako ehun eta berrogeita hamar inguru hilobi-monumentu gordetzen dira (dolmen edo trikuharriak, tumuluak eta ganbera megalitikoak).

K.a. 25tik K.o. 150era

Barduliarrak ziren erromanizazioak askorik ukitu ez zuen San Sebastian Region-eko biztanleak, nahiz eta badauden erromatarren presentziaren aztarnak Oiartzunen (Arditurriko meategiak), Irunen (Ama Xantalen ermita), eta Hondarribian (Asturiagako ainguratokia).

1025

San Sebastian Region-i buruzko aurreneko dokumentu idatzia. Iruñeko lurren zati zen San Sebastian Region, eta Gartzea Azenariz jaunaren menpe zegoen.

1200

Gaztelako Alfontso VIII.ak, Diego López de Haro Bizkaiko jaunaren laguntzaz, San Sebastian Region Gaztelako koroara biltzea lortu zuen. Hiribildu ugari sortu ziren garai haietan.

1397

Gipuzkoako Ermandadea sortu zen Getariako Salbatore Deunaren elizan. Egungo lurralde historikoaren hazia izan zen hiribildu eta haranen arteko aliantza hura. Batzarretan biltzen ziren Ermandadeko kideak.

1491

Gerora Loiolako San Ignazio eta Jesusen Lagundiaren sortzailea izango zen Iñigo jaio zen Azpeitian, Loiolatarren dorretxean. Haren omenez eraiki zen, hiltzean, Loiolako santutegia.

1522

Hiru urtez luzatu zen bidaiaren ondoren, Juan Sebastian Elkano getariarraren ardurapeko Victoria ontzia Sanlúcar de Barramedara heldu zen. Lurrari bira eman zion aurreneko itsasontzia izan zen.

1550

Tolosan bildutako Batzar Nagusiak diputatuak maiztasun jakin batez izendatzen hasi ziren, eta Gipuzkoako Foru Aldundia egonkortzen hasi zen.

1765

Peñaflorida kondeak eta 'Azkoitiko zalduntxoek' Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten, kulturaren eta zientziaren aurrerapena sustatzeko.

1813

Frantsesek menpean zeukaten Donostia-San Sebastián askatzera etorri zen ingeles eta portugesen armada, eta su eman zioten hiriari. Kale bakar bat atera zen onik sutetik.

1839

'Bergarako besarkadak' eman zion amaiera aurreneko karlistaldiari. Espartero eta Marotoren arteko akordioak forua berretsi bazuen ere, Gipuzkoaren autonomia ekonomiko eta politikoa bermatzen zuen foru-erregimenaren gainbeheraren hasiera izan zen.

1844

Tolosa Gipuzkoako hiriburu bilakatu zen. Hala eta guztiz ere, tolosarren eta donostiarren arteko norgehiagoka handik hamar urtera erabaki zen, Donostia-San Sebastián Gipuzkoako hiriburu bihurtu zenean. 1845ean, udaldia igarotzeko hautatu zuen Isabel II. erreginak.

1863

Donostia-San Sebastián inguratzen zuen harresia eraitsi zuten, eta hedatzen hasi zen hiria, Antonio Cortázar arkitektoak diseinatutako zabalguneri esker. Sekulako liskarrak eragin zituen Alde Zaharra eta alde berria bereizi zituen Boulevard Zumardiaren eraikuntzak.

1887

Gran Casino hiriko kasino nagusia inauguratu zuten (Donostia-San Sebastiángo udaletxea hartzen du gaur egun). 'Belle Epoque' garaian Europako aristokraziaren elkargune izan zen. Maria Kristina erregeordeak Miramar jauregia eraikitzea agindu zuen.

1936

Gerra Zibila piztu zen, eta handik urtebetera Francoren aldekoak nagusitu ziren San Sebastian Region. Eibar eta Irun izan ziren gerrak gogorren jo zituen hiriak. Foru-erregimenaren azken hondarra zen kontzertu ekonomikoa bertan behera utzi zuten.

1953

Nazioarteko Zinemaren I. Astea antolatu zuen hiriko merkatari talde batek, aspaldian A kategoria duen Donostia-San Sebastiángo Nazioarteko Zinemaldi ospetsuaren hazia.

1956

Arrasaten, José María Arizmendiarrietak Ulgor (gaur egun, Fagor) kooperatibaren aurreneko harria bedeinkatu zuen. Orduantxe abiatu zen partaidetza-ekonomian oinarritutako mugimendu zabala.

1959

Arantzazuko basilika berria eraikitzen hasi ziren, Sánez de Oiza eta Laorga arkitektoen proiektuaren arabera. Garaiko artista gipuzkoar handienek egin zituzten euren ekarpenak.

1979

Demokrazia itzuli ondoren, eta Xabier Aizarna lehendakari zela, Gipuzkoako Batzar Nagusiak berrezarri ziren. Horiexek dira lurralde historikoko organo arau-emailea eta Gipuzkoako Foru Aldundia kontrolatzen eta bultzatzen duen erakundea.

 

Turista mota guztientzat helmuga

Urdin bizi-bizitik, barrualdeko berde kolorera. Mendizaletasuna edota lasai-lasai ibiltzea gogoko dutenek baserri, baseliza eta tamaina ertaineko mendi arteko ibilbide asko dituzte aukeran. Aizkorri eta Aralarko parke naturalak edota Leitzarango biotopo babestua toki guztiz gomendagarriak dira barrualdeko San Sebastian Region ezagutu nahi dutenentzat. Bat egiten dute lurralde horietan herri txikien xarmak, Tolosa, Oñati, Bergara, Segura edo Ordizia bezalako hiribilduen interes historikoak eta Loiolako basilika, Antiguako ermita eta Arantzazuko santutegia elkartzen dituen Hiru Tenpluen ibilbide ezinbestekoak.

Aspaldikoa du San Sebastian Region-ek tradizio turistikoa. Ez, ordea, turismo jendetsuarena, bisitariekin bertakoek oso maite dituzten plazerak partekatzea ahalbidetzen duen turismoarena baizik. Beste edozein gauzaren gainetik, gastronomia, horren azalpen guztietan; dendetan eta bainuetxeetan islatzen den goi-mailako bizi-kalitatea; jaialdi ikusgarrietan ez ezik berrogei inguru museotan gauzatzen den kultur jarduera aberatsa. Euskal tradizioekiko eta gipuzkoar askok hitz egiten duten euskararekiko begirunea. Eta batez ere, bizinahi kutsakorra.

San Sebastian Region-eko biztanleak

715.148 pertsona

San Sebastian Region-en azalera

1,980 kilometro koadro

Enplegua sektoreka

4.4% lehen sektorean egiten dute lan

Enplegua sektoreka

55.7% bigarrenenean

Enplegua sektoreka

39.9% hirugarrenean

San Sebastian Region bisitatzen duten bidaiariak

≈916,753 urtean
Anterior
Siguiente

Besteak beste zurezko tailuak, buztinezko piezak eta kultura tradizionalaren erakusgarri diren elementuen erreprodukzioak eskaintzen dituen San Sebastian Region-eko eskulangintza aukera bikaina da erosketak egiteko orduan.

Tradizioz beteriko eskualde bat

Donostia-San Sebastiango Alde Zaharrean ez ezik, beste herri askotan ere aurkituko ditu etxera eramango dituen oroigarriei 'egiazkotasun' ukitua eman nahi dien bisitariak eskulan tipikoak erakusten eta saltzen dituzten denda espezializatuak. Aukera zabala aurkituko du denda horietan: buztinezko ontziak -besteak beste, pegar edo pitxer tipikoak-; gaztainondoz edo zumez egindako saskiak; zeramikazko irudiak; zurezko tailuak... Baserritarren jantzi tipikoak ere oso bitxiak dira: txapelak, abarkak...

Eibarren, damaskinatugintza -urrea baliatu ohi duen grabatu-modalitate historikoa- da eskulangintza tipikoa. Xumeagoak izan arren, zaporetsuagoak dira Tolosa, Azpeitia, Beasain eta Bergarako berezitasunak: bertako gozoak, alegia.

Urtean zehar egiten diren azokek eskaintzen dute, berriz, teknika tradizionaletan oinarritutako eskulanari eusten dioten eskulangileekin zuzeneko harremana izateko aukera. Apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran Errenterian egin ohi den Euskal Herriko Eskulangintza Azoka nabarmendu daiteke hitzordu horien artean.

Eskulangileak

Gabiltza

Asociación de artesanos de San Sebastian Region

 

Apdo. 984 20080 Donostia

Tel.: 656 73 24 74

infor@gabiltza.org www.gabiltza.org

Honatx San Sebastian Region-eko artisauek egiten dituzten zenbait objektu tradizional interesgarri:

Argizaiola
Inguruan bilduta kandela mehea duen zurezko ohola, gehienetan landua. Etxeko sua hildakoei eramatea du xede formaren aldetik askotan antropomorfoa izan ohi den pieza bitxiak.
Kaiku
Euskal Herriko artzainek antzinatik erabili izan dituzten zurezko ontzi politak apaingarri dira batik bat gaur egun.
Kutxa
Zur landuz eginiko kaxa handi tradizionala. Txikiak ere egiten dituzte gaur egun.
Uztarria
Baserri-giroko kulturari dagokion elementua. Idi- edo behi-parea lotu edo uztartzeko erabiltzen zen zurezko pieza, gaur egun apaingarri bilakatua.
Makila
Altzairuzko punta duen aginte-bastoia, zur noble eta landuz egina.